Euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria
XXIII.edizioa
Martxoaren 1etik 29ra
ZER DA?
Film laburren zirkuitu ibiltaria da Laburbira eta, urtez urte, euskaraz sortu eta ekoitzitako lanen bilduma eskaintzen die herritarrei.
2 helburu nagusi erdiesteko sortu zen Laburbira: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien filmak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
Bi helburuak sobera bete direla esan dezakegu 23 urteotako ibilbide arrakastatsuan, euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala eta kontsolidatutako ekimena da eta, gaur egun, LABURBIRA.
2025ean ekoitzitako euskal film nabarmenenak eskainiko ditu LABURBIRAren XXIII. edizioko bildumak. Orotara, 80 minutuko film labur sorta ikusgarria, hainbat festibaletan saritutako lanekin osatua.
Emanaldia antolatzeko epea otsailaren 28an itxiko da.
Filmak
Hauexek, hurrenez hurren, 2026ko LABURBIRAn ikusgai egongo diren filmak:
Fishy
June Asua Olabarria
Sinopsia
Kale zikinetan barrena, goseak jota dabilen katu bat arrain baten bila doa, eta badirudi topatu duela altxorra! Usteak erdia ustel, ordea. Kalean, itxurak engainagarriak izan daitezke…
Erreka zoko hortan
Ekaitz Bertiz
Sinopsia
Aita ohean gaixo du Joxepik, Iparragirre baserriko alaba zaharrenak, eta bere gain hartu beharko du haren egitekoa: kontrabandoan pakete astun bat garraiatzea Frantziako mugaren beste aldera. Gau beltzean, karabineroak ez dira basoak ezkutatzen duen arriskurik beldurgarriena…
Hortzikara
Ane Cuesta
Sinopsia
Hortzak erori eta berriz ere ateratzen ez zaizkion neskato baten ama itxaropena galduta dabil. Konturatzen ez den arren, bere alabaren arazoen jatorria uste baino gertuago dago…
A-Maniki
Elixabet Nuñez
Sinopsia
Adineko emakume bat mundu digitalera ezin egokituz bizi da. Hainbeste, non poliki-poliki desagertuz doan gizartetik…
Orain zer?
Ainhoa Urgoitia
Sinopsia
Bularreko minbizia izan duten emakumeei ahotsa emanaz, gizartean gorputzaren inguruan eraikitako zenbait arauk emakumeei nola eragiten dien erakusten du dokumental hunkigarri honek.
Geratzen den hori
Aitor Gametxo Zabala
Sinopsia
2011an ama hil ondoren, zuzendariak bidaia intimo bati ekingo dio haren objektu pertsonalen eta oroitzapenen bidez. Film labur dokumental honek dolua eta gaixotasuna eta hauek duintasunarekin, zaintzarekin eta transmisioarekin duten lotura aztertzen du.
Olentzerori eskatu nion
Amaia San Sebastian Larzabal
Sinopsia
Gauero hotel desberdin bat. Azken larru jotzea eta maitalearen begi hutsetara azken begirada. Emakume bat ihesean. Gauero elkarrizketa berdina, denbora milimetratuan. Nazkatu zen egunean eduki zuten azken elkarrizketa.
AURREKO
EDIZIOAK
Antolatzailea
Babesleak